Nazioenmundua

2008an sorrera

Ekimenaren lehen agerraldi publikoa 2008ko otsailean izan zen, Idiazabalen bertan. Zazpi ehun herritar baino gehiagok ikusi zuen ekitaldia eta nolabait esateko, herriaren lehen babes erakustaldia izan zen.

Horren segidan, 2008ko martxoan, Eskozian egin zen bigarren agerraldi esaguratsuena. Edinburgh-en eta Inverness-en izan zen Herri Ekimena; guztira 98 lagun joan ginen Euskal Herritik Eskoziara. Edinbugrh-en Ekimeneko saioa egin genuen. Horretaz gain, Eskoziako parlamentuan izan ginen bertako bi alderdi politikoko atzerriko gaietako politikariekin solasean. Elkarrizketa bana egin genien SNPko (Alderdi nazionalista) Keneth Gibson-i eta MSPko (Alderdi Kontserbadore eta Unionista) Ted Brocklebank-i. Bi elkarrizketak SNPko aholkulari politikoaren bitartez lortu genituen. Ekimenaren berri eman genien eta Idiazabalgo eta Goierriko hainbat material oparitu ere bai. Oparia eta Idiazabalgo alkatearen eskerrak emateko eskutitza entregatu genion, baita Eskoziako presidenteari ere.

West Highlands eskualdeko Inverness hiriburuan izan ginen eskualdeko kultur ekintzen arduradunaren bitartez. Inverness-en igaro genituen Eskoziako bidaiako azken egunak. Bi saio egin genituen bertan; bata hiriko plaza batean eta bestea, herri kirolak hiriko txoko ezberdinetan banatuta, hiri osoa hartuta. Joaldunak hirian zehar kalejiran eta dantzariak hiriko gazteluan dantzan aritu ziren.

Eskoziako berri egunero egunean bertan eman genuen, Ekimenekook sortutako blog baten bidez: http://eskoizal.wordpress.com

2009an jarraipena

Apirilean Katalunian (La Bisbal d'Empordān eta Bartzelonan). La Bisbal d'Empordā hiriko elkarteek antolatu eta guztiek bat egin dute Ekimenaren aldarrikapenarekin. Aurrez 2008an Eskozian bezala, hainbat harreman lantzeko helburua izan da bertako eragileekin. Horien artean Decidim plataformako lehendakaria eta La Bisbal d'Empordáko alkatearekin egon gara besteak beste.

Uztailean Inverness Highland Games - Eskozian. Bost urtez behin ospatzen den Inverness Highland Games-etarako gonbitea jaso dugu. Munduko txapelketa horretan diasporako eskoziarrek parte hartuko dute eta Ekimenko partaideak gonbidatu berezi gisa parte hartuko dute. Txapelketa egun bakarrekoa bada ere, beste sei egunetan zehar, Inverness inguruko beste hainbat herri eta hirietan Ekimenak saioak eskainiko ditu.



Nazioenmundua Nazioenmundua Nazioenmundua Nazioenmundua Nazioenmundua Nazioenmundua

Ekimenaren izaera

Ekimen honen antolatzailea eta sortzailea Idiazabalgo Herri Kirol Taldea da. Azken urte hauetan herri kirolaren inguruan herrian gorakada nabarmena bizi izan da. Idiazabalgo taldeak herriko festetan ez ezik, Xiba (Euskal Herriko Joko eta Jolasen Txapelketa) bezalako ekimenetan, nahiz herri kirolari lotutako eskualdeko beste hainbat ekitalditan parte hartu dugu.

Herri kirolarekin herriko gazteen artean gaur egun oso ohikoak ez diren zenbait balore jorratzen dira. Gainera gure kasuan, auzolaneko espirituan oinarrituta, adin eta sexu ezberdinetako herritarrak elkarrekin lagun giroan aritzeko aitzakia izan da.

Idiazabalen herri kirolak sustatu eta indartzeaz gain, Herri Kirol Taldeak izan du beste helbururik egindako ekimenetan. Taldearen sorreran, duela bost urtetik gora, ongi geratu zen erabakita helburu nagusia: herri kirolak landu eta zabaltzeaz gain, herri honetako sentsibilitate ezberdinak kontuan hartu eta denon adostasuneko aldarriak bultzatzea. Orain arte, batez ere, Euskal Herriko selekzioaren aldeko eta Korrikaren (eta euskararen) aldeko aldarriekin aritu gara.

2008an, ordea, jauzi kualitatiboa eman eta gure jarduna Euskal Herritik kanpora eraman dugu (Eskozian eta Katalunian izan gara). Kanpora joateko ordea, beste aldarrikapen bati heldu diogu: herri kirolen bitartez, herrien erabakitzeko eskubideen alde. Eta aldarrikapen horixe zabaldu nahi dugu 2009ko emanaldi eta saioetan ere.

Herrien erabakitzeko eskubideen alde egiteko nazioartera begira gaude, Euskal Herritik kanpora. Honako hauek lortu nahi ditugu atzerrira egindako bidaien bidez:

  • Herri kirolaren, euskal dantzaren eta joaldunen emanaldien bitartez, nazioartera Euskal Herriaren izatea, nortasuna, kultura eta folklorea zabaltzea.

  • Estaturik gabeko nazioetan edo antzeko egoera politikoa duten lurraldeetan, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea elkarrekin aldarrikatzea.

  • Ekimenaren sortzaile eta gauzatzaile Idiazabaldarrok izanik, Idiazabalen izena eta horrekin lotutako ondareen ezagutza zabaltzea.

  • Harremanetarako bisitatutako lurralde edo nazioan harremanak lantzea, etorkizunean hangoak Idiazabala etortzeko aukera zabalik uzteko.

Ekimen honen bultzatzaile nagusia Herri Kirol Taldea bada ere, herritar ugarik egin du bat egitasmoarekin. Izan ere, Idiazabalen iritzi politiko ugaritako herritarrak bizi badira ere, herrien erabakitzeko eskubidearekin gehienek bat egiten dutenaren ziurtasuna daukagu.

Segur aski ezberdin pentsatzen dugu erabakitzeko eskubide hori gauzatzeko bidearen edo moduaren inguruan. Baina Ekimen honetako partaideok adostasunetik abiatu nahi dugu eta ez ezberdintasunetik. Idiazabaldarrak herrien erabakitzeko eskubideen alde bagaude, zergatik ez aldarri hori bultzatu? Ekimenaren oinarrian herritarrak gaude, ez beste inor.

Ekimenarentzat erronka handia da honakoa. Alderdikerietatik ihes egiten duen herri ekimen honekin, gaur egungo egoera politikoak kezkatzen eta eragiten gaituelako eta aldaketen beharra sentitzen dugulako, Euskal Herrian gertatzen denaren bestelako argazki bat helarazi nahi dugu.

Ekimen honek, dena den, izan du alderdi politikoen babesa ere. Hori lortzea izugarria da, herri honetan bakoitzak bere aldera begiratzeko joera duelako. Gai honen inguruko adostasuna eta aldeko iritziak jaso ditugu 2008an ekimen hau sortu zen ezkeroztik, eta lorpena handia dela uste dugu.

Inori ez zaizkio ateak itxi eta ez da horrelakorik egingo, baina Taldeak argi du guzti horren gainetik egon behar duela eta ez dela inolako alderdikeriatan eroriko. Taldearen helburuekin bat egiten duten guztiak batzea nahi dugu, baina aipatutako helburua eta izaera argi izanda.

Gure ekarpena egin eta Euskal Herrian argi edo ilusio izpi bat sortu nahi dugu, eta ekarpen hau egiteagatik hain zuzen ere ziur gaude adibidetzat hartuko gaituztela.

Parte hartzaileak eta bidelagunak

Ekimen honetan ia 100 lagunek parte hartzen dugu. Ordu eta erdiko saioa egiten dugu eta Euskal Herriko ikur diren ekintza ugari egiten ditugu bata bestearen segidan.

Herri kirolariak,Idiazabalgo Taldekoak: bi talde, 19na kide; guztira, 38. Proba hauek egiten ditugu: ingudea, trontza, lasto altxatzea, harri-jasotzea, txingak, jende proba, korrika, zakua eramatea, aizkora, soka-tira eta koskola-biltzea.

Dantzariak:Beasaingo Aurtzaka taldeko eta Iruņeko dantzariak, guztira 34 kide.

Joaldunak: Iruņeko Arrosadia auzoko joaldunak, guztira 13 lagun.

Musikariak: txistulariak, bertsolariak, txalapartariak, eta trikitilariak. Guztira, 10 lagun

Laguntzaileak: argazkilariak, itzultzaileak, materialaren salmenta arduradunak, herri kiroletako materialaren arduradunak, komunikazio arduradunak (prentsarekin harremana dutenak). Guztira 20 lagun.

Ugarik adierazitako interesa eta babesa nabarmen handitzen joan da denborak aurrera egin ahala. Izan ere, Ekimenak izaera herritar horri garrantzia handia ematen dio eta bereziki zaindu eta gozatzen duen kontua da. Esan dezakegu inguruan mezua jaso dela eta Ekimen serioa den ustea duela. Beraz hasieran jarritako helburuak betetzen ari gara.